top of page

Kukubaten bisita gidatu batzuetarako gastronomiari buruzko informazioa osatzerakoan, tortillaren jatorria ikertzen ibili ziren Mikoleta elkartean.

 

Bilboaldean kontatzen denez, patata tortillaren jatorriak lehenengo Gudu Karlistara garamatza. Begoñako baserri batean Zumalakarregiri egin omen zion etxekoandre batek, arrautzak eta patatak besterik ez zituela, lehenengo patata tortillatzat har litekeena. Zumalakarregiri janari ona, merkea eta elikagarria zela iritzita, tropari ematen hastea erabaki zuen eta horren geroztik handik zabaldu omen zen bazter guztietara.

 

Halere, Juan Inazio Hartsuaga ikerleak gai horretan sakontzen jardun du eta Nafarroan aurkitu du patata tortillaren lehen aipamen dokumentatua, 1817an, euskeraz “Nafarroako Gorteen ate azpiko gutunen bilduma” esan genezakeen eta gazteleraz “Memorial de Ratonera” deitutako batean.

 

Ate azpiko gutunak edo Memorial de Ratonera delakoa, gaur egun “buzoiko iradokizunak” esango genukeen moduko zerbait zen, buzoirik ezean, Nafar Gorteetako ate azpiko zirrikitutik pasatzen ziren idatziak zirelako, haiek aztertu eta  eztabaidatu zitzaten. Nolabait esateko, Gorteei proposamenak bidaltzeko aukera hori gaur egun Arartekoaren aitzindaria dugu.

 

 

Aipamen hau ezaguna zen hainbat adituren artean, baina duela urte batzuk bigarren mailan geratu zen, aipamen zaharrago baten berria argitaratu zenean Espainiako prentsa eta komunikabideetan.

 

Azken horren arabera, Badajozko Villanueva de la Serena herrian bazen patata tortillaren aipamen zaharrago bat, 1798koa hain zuzen ere: Semanario de agricultura y artes dirigido a los párrocos (16/8/1798, 85 zk., 15. orrialdea).

 

Albisteak serioa zirudien, CSICeko ikerlari batek egina zelako eta dokumentuaren erreferentzia zehatza aipatzen zelako. Hortaz ontzat eman zen besterik gabe, nafar lekukotza baztertuta utziz. Hala ere, iturri dokumentalak hain doi zehazteak eta errezetaren deskribapena inon ez azaltzeak gure ikerlariaren susmoak piztu zituen. Izan ere, oso egokia ez zela aurkitu zuen, dokumentu horretan agertzen den errezetak zer ikusi gutxi duelako patata tortillarekin, baizik eta patatazko ogiarekin.

 

Beraz, patata tortillaren lehen albiste dokumentatua Nafarroakoa dela dirudi, gaur egun behintzat, horrek duen garrantzia eta merezi duen arreta guztiarekin. Behean informazio eta jatorrizko testuak irakurri daitezke.

Nafarroako Gorteetan 1817an jaso zen gutun horretan nafar nekazarien bizimodu eta elikadura deskribatzen duen pasarte batean daukagu patata tortillaren lehen deskribapena:

(jatorrizko testuan: “ … dos o tres huevos en tortila para cinco o seis, porque nuestras mujeres la saben hacer grande y gorda con pocos huevos, mezclando patatas, atapurres de pan u otra cosa.”)

 

Aipamen hauetaz gain bada 1767ko beste idazki bat, agrikulturari buruz, zeinek tortilla hitza aipatzen :

"Al principio de este párrafo se dijo, que las patatas que en La Mancha se cultivan, son de corteza colorada, y de la misma especie que las Inglesas: no se hacen tan grandes como las batatas de Málaga; pero me persuado, depende mucho de su cultivo, conforme se mostrará por la relación de una casualidad, que a lo último se pone, y corrobora el método antecedente de cortar las matas, o ramaje a su tiempo. Algunos llaman "criadillas" a este género de patatas: en España, su regular empleo es en guisados y tortillas, y son de mejor sabor que las de Irlanda; pues de unas y otras he probado: la mata se echa al ganado, que la come muy bien. Se cultivan en diversos territorios de Castilla La Nueva, y no sé si en otros países."

Agriculturageneral y gobierno de la casa de campo. Joseph Antonio de Valcárcel, Valencia 1767

Gisatuetan eta tortilletan erabiltzen dela esaten du argi eta garbi albiste honek, baina “tortilla” hitzak 1767an ez zuen gaur egun duen “arrautza tortilla” esanahi inplizitoa, “Talo” formako edozeri esaten zitzaion orduan “tortilla”, ondoan zehaztuz zein osagarriz egina zegoen.

Honetaz gain badago beste aipamen bat, Belgikako Liejan 1604ean, non patata tortillaren aitzindaria litekeena aipatzen den.

Lancelot de Casteau, Ouverture de Cuisine, Liège 1604

Testu honetan "tartoufle" aipatzen da, baina ez da patataz ari. Patatak Belgikara  liburua argitaratu zen 1604 urtea baino lehenago iritsi ziren. Halere, liburu hori zorrotzago aztertu zutenek aurkitu zuten, bertan egiten den bankete baten deskribapenean, aipatu platera zerbitzatu zela, eta bankete hori, 1557n egin zela, patatak Belgikara irtsi aurretik. Beraz, horretaz jabetu zirenetik aditu guztiak bat datoz esaterakoan bertan ageri diren tartoufle zorionekoak ez direla patatak, trufak baizik. (Izen bera erabili ohi zen bientzako Europan patata irtsi berria zelarik).

Badajozko patatazko ogiaren lekukotza

 

Nafarroako patata tortillaren lekukotza (guk nafar tortilla deitutakoa).

  

"Pan de patatas"

"Memorial de Ratonera"

Historia

Baserritar bikote nafartarra
bottom of page